Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo du Cirmautoren itxiera eta langileentzat 2,2 milioietako kalte ordaina ezarri du El TSJN declara ilegal el cierre de Cirmauto y fija 2,2 millones como indemnización para la plantilla despedi

Ela Indar


ELAk irabazitako epaiak greba eskubidearen urraketa onartzen du eta EEE egitean enpresen
zigorgabetasunari muga ezartzen dio. ELAk langileen borrokaren balioa nabarmendu du eta
Cirmautoren interesen aldekoa izan den Nafarroako Gobernuaren gelditasuna kritikatu du.
Cirmautoko zuzendaritzak 2021eko urrian jakinarazi zuen plantillako 28 pertsonak kaleratu eta
enpresa ixteko asmoa zuela. Hasieratik, plantilla enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE)
aurka agertu zen eta bere lanpostuei eusteko borroka egin zuen. Enpresak ez zuen inoiz
negoziatzeko edo Cirmauto ixteko alternatibak proposatzeko asmorik izan. Hau guztiagatik,
plantillak greba mugagabea hasi zuen azaroaren hasieran.
ELAk ordezkatutako plantillak, Nafarroako Gobernuari enplegua ez suntsitzeko eta enpresa
bideragarri bat ez ixteko inplikatzeko eskatu zion une oro.
EEE akordiorik gabe amaitu zen eta borrokak epaitegietan jarraitu zuen. Orain, Nafarroako
Justizia Auzitegi Nagusiak (NJAN) arrazoia eman dio ELAri eta legez kanpokoa deklaratu du
Cirmautoko EEE.
NJANek bi arrazoi nagusirengatik deklaratu du legez kanpokoa Cirmautoko EEE:
1. Negoziazioa ez zelako fede onekoa izan. Legeak ezartzen du negoziazio aldia fede onak
zuzendu behar duela eta planteatutako neurriak arindu edo murrizteko balio behar duela.
Kasu honetan, enpresak ez zuen inolako negoziaziorik edo proposamenik egin, eta legearen
formalitateak betetzera mugatu zen.
2. Greba eskubidea urratu delako. Enpresak egindako itxiera patronalak greba eskubidearen
urraketa ekarri zuen, EEEren baliogabetasuna dakarrena.
EEE baliogabetu denerako enpresa itxita dagoenez, ezinezkoa da plantilla berriz lanean hastea.
Horrek suposatzen du Cirmautok bidegabeko kaleratze bati dagozkion zenbatekoak eta
kaleratzearen datatik (2021eko abenduaren 10a) epaia eman arteko (2022ko urriaren 3a)
lansariak ordaindu beharko dituela. Gainera, 10.000 euro ordaindu beharko dizkio ELAri greba
eskubidearen urraketagatik. Guztira, enpresak 2,2 milioi euro baino gehiago ordaindu beharko
dizkie 28 langileri.
Epaiaren garrantzia Cirmauton gertatutakotik haratago doa. Lehenik eta behin, patronalari
ohartarazten dio argi eta garbi: lan erreformak enplegua erregulatzeko espedienteak errazago
egitea ekarri bazuen ere, denak ez du balio. Enpresek kaleratzeak egiteko normalean izaten
duten zigorgabetasuna mugatuagoa dago orain.
Bestalde, sindikatuak salatu nahi du enpresaren interesen alde jokatu zuen Nafarroako
Gobernuaren gelditasuna, Cirmauton enplegua defendatu beharrean. Are gehiago, enpresak
justifikaziorik gabeko itxiera patronala egin zuenean eta greban zeuden pertsonak ordezten ari
zenean.
Azkenik, ELAk Cirmautoko langileek egindako borrokaren balioa azpimarratu du. Horrek
erakusten du, enpresaren diruzalekeriaren, oinarrizko eskubideen urraketaren eta
Gobernuaren geldotasunaren aurrean, langileen antolaketa dela lan baldintzak tresnarik
onena.